Euskararen Ginkana

Gasteizko Euskararen Ginkana 3.edizioa (2017)

Partekatu

FASEAK

1.Fasea: INTERNET BIDEZKO PROBAK

Izen-ematea egoki (formularioa bete eta bideoa bidali) osatzen duten talde parte hartzaileek, 2017ko urriaren 30tik azaroaren 24a  bitartean webgune honetan astero argitaratuko diren probak burutu beharko dituzte.

Fase honetan proposatuko diren probek ez dute loturarik izango beraien artean. Proba guztiak taldeetan burutzeko modukoak izango dira eta bakoitzak aurrez jakinaraziko den puntuatzeko irizpide bat izango du. 4 proba proposatuko dira guztira eta aste beteko epea egongo da proba hauen erantzunak bidaltzeko. Taldeek burutzen duten proba bakoitzeko puntuak gehituz egingo da fi­nalerako sailkapena. Ez da beharrezkoa proba bat gainditzea hurrengoak egin ahal izateko. Egin gabe utzitako probengatik ez da puntuaziorik jasoko, baina hurrengoak erantzuten jarraitu ahal izango du taldeak.

Webgune honetan eta sare sozialetan emango da lehiaketaren eta taldeek egin dutenaren berri. Lehen fasea amaitutakoan, puntu gehien bildu dituzten lau taldeak pasako dira ­finalera. Berdinketa egonez gero, talde horien arteko zozketa egingo da. 

 

2. Fasea. FINALA

Lehiaketako lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 taldeen arteko lehiaketa izango da Finala. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean burutuko da 2017ko azaroaren 30ean eta bertan proposatuko diren probetan puntuazio altuena lortzen duen taldea izango da Gasteizko Euskararen Ginkanaren 3. Edizioko irabazlea.

 

IZEN EMATEA

  • Lehiaketan parte hartu ahal izateko FORMULARIO HAU bete beharko da. Izen-emate epea 2017ko irailaren 18an hasi eta urriaren 30ean amaituko da (egun hauek barne). Formularioa egoki betetzeko, taldearen argazkia eta aurkezpen bideoa ere igo beharko dira. Bideoa Youtubera igo beharko da lehenik, eta ondoren lotura galdetegian dagokion tokian txertatu. 

 

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

  • Parte hartzea eta izen-ematea taldekakoa izango da, eta parte hartzaileak Gasteizen bizi edota bertan ikasten dutenak izango dira.
  • 15-18 urte arteko 4 laguneko taldeak osatu beharko dira horretarako.
  • Izen-ematea gauzatzeko, taldeko aurkezpen bideoaren esteka itsatsiko da formularioan. Bideo honetan, taldearen aurkezpena egingo da eta 2 minutu inguruko luzapena izango du.
  • Parte hartzaileak adin txikikoak izanik, guraso edo tutoreen baimena ere itsatsiko da baita Formularioan.

 

 

ADOSTASUNA

Antolakuntzak zehaztuko ditu proba bakoitzaren puntuazio irizpideak zein izango diren. Parte hartzen duten taldeek izen-ematea gauzatzen dutenean, lehiaketaren arauak, proben puntuazio irizpideak eta antolakuntzaren erabakiak onartzeko eta betetzeko konpromisoa hartzen dute. Antolakuntzaren erabaki hauek behin betikoak izango dira edozein alderdiri dagokionez.

Lehiaketaren baitan aurkeztutako bideo, audio eta irudiak Euskararen Ginkanaren zabalpenerako erabili ahal izango dituzte Antolatzaileek. 

 

SARIA 

Guztira 1.600 € banatuko dira saritan lau talde finalisten artean.

Talde irabazleak 1.000 € jasako ditu. Bigarren, hirugarren eta laugarren geratu diren talde bakoitzak 200 € jasoko ditu.

Sari guztiak bonosari moduan banatuko dira. Taldeek antolakuntzari jakinarazi beharko diote zer eskuratu nahi duten sariarekin, antolakuntzak diru-saria bideratu ahal izateko.

Taldeek ikas-bidaiarako erabili ahal izango dute irabazitako saria.

Talde irabazleak sariarekin euskararen aldeko ekimen edo proiekturen bat gauzatu edo babesten duen kasuetan, Kutxa Ekogunearen eta Gasteizko Udalaren logoak eta laguntzaile izaerak barneratuko ditu bertan. Saria jaso eta 6 hilabeteko epean ekimenaren egoeraren berri emango dio antolakuntzari e-mail bidez. Antolakuntzak jasotako material eta informazioa Euskararen Ginkana proiektuaren difusiorako baliatzeko eskubidea izango du.