Euskararen Ginkana

Euskararen Ginkana 7. edizioa (2021)

Partekatu

HitzKeta

142 puntu

HitzKeta HitzKeta Haur Hezkuntza Graduan graduatutako lau irakasle gaztek sortutako proiektua da; irakaskuntzak ez ezik, euskarak eta euskal kulturaren gaineko interesak batzen gaitu. Hori horrela, irakaskuntzan -eta orohar gure gizartean- ikusten ditugun gabeziak asetzeko asmoz sortutako proiektua da HitzKeta. Hutsune nabarmena somatu dugu belaunaldi berrienganako euskara eta euskal kulturaren transmisioan, eta batez ere, Haur Hezkuntza etapako haurrekin hori lantzeko baliabideen eskuragarritasunari dagokienean. Horren aurrean, haurrentzako euskal abesti, olerki eta liburuen bilduma sortu dugu: ikasleekin lantzeko, seme-alabei kontatu eta kantatzeko, edota norbere baitan tarte atsegin bat pasatzeko asmoz. www.hitzketa.eus webgunean euskarazko abesti, olerki eta liburu bildumak aurkitzen dira, atalka sailkatuta. Gainera, bilduma bakoitzarekin batera, berauek lantzeko proposamen didaktikoak daude eskuragarri, baita beste zenbait lanketa ere. Horrela, haurrentzako euskarazko eta kalitatezko materiala orrialde horretan bildu eta guztientzako eskuragarri jarri nahi izan dugu, sareak eskaintzen dituen aukerak baliatuz. Era berean, eta, esan bezala, guztientzako baliagarria izateko helburuarekin, garrantzitsua iruditu zaigu euskaraz ez dakiten horiei ere euskarazko materiala ezagutu eta erabiltzeko aukera ematea; horratx orrialdea bai euskaraz, bai gaztelaniaz egotearen arrazoia. Horretaz gain, denon laguntzaz bildumak aberastea eta indartzea da gure asmoa, ekarpenak onartuz eta gure webgunea osatuz (horretarako harremanetarako atala dugu). Proiektua etengabeko osaketan dabil, eta hori horrela, azken hilabeteotan hainbat berritasun gehitu ditugu webgunera: Alde batetik, "Proposamenak" eta "Berriak" izeneko atalak gehitu ditugu. Lehenengoan, guk sortutako edota guri aholkatutako proposamen eta proiektu ezberdinak ari gara biltzen. Bigarrenean, berriz, hedabideetatik HitzKeta proiektuaren inguruan jasotakoak biltzen dira. Beste alde batetik, azken aste honetan liburu-bilduman liburuen izenburuaren gainean klikatuz gero horien kontaketak bideo formatuan ikus-entzuteko aukera gehitu dugu. Horrekin lotuta, HitzKeta izeneko YouTubeko kanala sortu dugu, bertan gure ipuin kontaketak partekatzeko asmotan. "Kaka putza" album ilustratuaren ipuin kontaketa izan da plataformara igo dugun lehendabizikoa. Azkenik, webgunera harpidetzeko aukera ere gehitu dugula aipatu nahi genuke, bertan harpidetzen den horok hilero, besteak beste, webgunean txertatutako baliabideen berri izango dutelarik buletin baten bidez. Webgunetik at, sare sozialetan ere aurki gaitzakezue, aurrez aipatutako YouTube plataforman ez ezik, Twitter (@keta_hitz), Instagram (hitz_keta) eta Facebooken (Hitz Keta) ere bai.

Bideoa ikusi


Zerrendara itzuli