Euskararen Ginkana

Euskal Herriko Euskararen Ginkana 6. edizioa (2019)

Partekatu

IZEN-EMATEA

  • Lehiaketan parte hartu ahal izateko, FORMULARIO HAU bete beharko da. Izen-emate epea  2018ko abenduaren 10etik 2019ko urtarrilaren 30era egongo da zabalik (egun hori barne).
  • Izen-emate formularioa egoki osatzen duten taldeak lehiatuko dira fase honetan.
  • Izen-ematea gauzatzeko, aurkezpen bideoaren esteka itsatsiko da. Bideo honetan, taldearen aurkezpena egiteaz gain, Ginkanako sariarekin finantzatu nahi den euskararen aldeko egitasmoa aurkeztuko da, labur-labur (2 minutu inguruko bideoa). Aurkezten diren proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitezke, aurrez martxan daudenak edo aurrerantzean burutu nahi direnak. Guztiek baina, euskararen aldeko ekarpena suposatu beharko dute, arloa edozein izanik ere: hezkuntza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak...

 
PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

  • Parte hartzea taldekakoa izango da. Talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko duten 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira horretarako.
  • Parte hartzaile guztiak 16 urtetik gorakoak izan beharko dute.
  • Izena eman ahal izateko, webguneko galdetegia betetzeaz gain, talde bakoitzak bideo labur bat grabatu beharko du.  2 minutu inguruko bideoan,  taldearen eta sariarekin babestu nahi den proiektuaren aurkezpen txiki bat egin beharko da. 
  • Taldeak egitura formalik gabeko lagun koadrilak, guraso eta ikasle taldeak edo/eta jai batzordeak izan daitezke. Baita egitura formala duten elkarte desberdinetako taldeak ere, hala nola, aisialdi taldeak, gobernuz kanpoko erakundeak, kultur eta kirol taldeak, euskalgintzako taldeak, talde feministak, erakunde sozialak, talde ekologistak, tokiko enpresak, eta abar.

Elkartu eta parte hartzeko gogoa besterik ez da behar!

 

SARIA

 

  • Talde irabazleak sariarekin gauzatzen dituen ekimen eta proiektuetan Kutxa Ekogunearen logoa eta laguntzaile izaera barneratuko du.
  • Saria jaso eta 6 hilabeteko epean ekimenaren egoeraren berri emango dio Kutxa Ekoguneari e-mail bidez.
  • Kutxa Ekoguneak jasotako material eta informazioa Euskararen Ginkana proiektuaren difusiorako baliatzeko eskubidea izango du.

 

PARTE-HARTZEA

1. Fasea. INTERNET BIDEZKO PROBAK.

  • Izen-ematea egoki osatzen duten talde parte hartzaileek, 2018ko abenduaren 10etik 2019ko urtarrilaren 30era bitartean webgune honetan astero argitaratuko diren probak burutu beharko dituzte. Fase honetan proposatuko diren probek ez dute loturarik izango beraien artean. Ez da beharrezkoa proba bat gainditzea hurrengoak egin ahal izateko.
  • Proba guztiak taldeetan burutzeko modukoak izango dira eta bakoitzak aurrez jakinaraziko den puntuatzeko irizpide bat izango du.
  • Astero proba bat proposatuko da eta aste beteko epea egongo da erantzunak bidaltzeko. Taldeek burutzen duten proba bakoitzeko puntuak gehituz egingo da finalerako sailkapena.
  • Proba bakoitzaren edukia sare sozialetan partekatzeagatik gainera, puntu gehigarriak eskuratzeko aukera egongo da. Egin gabe utzitako probengatik ez da puntuaziorik jasoko, baina hurrengoak erantzuten jarraitu ahal izango du taldeak.

Webgunean eta sare sozialetan emango da lehiaketaren eta taldeek egin dutenaren berri. Lehen fasea amaitutakoan, puntu gehien bildu dituzten lau taldeak pasako dira finalera. Berdinketa egonez gero, talde horien arteko zozketa egingo da. Lehen faseko probak erantzuteko epea 2019ko otsailaren 27an amaituko da.
 
2.Fasea. FINALA
Lehiaketako lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 taldeen arteko lehiaketa izango da Finala. Tabakaleran (Donostia) burutuko da 2019ko martxoaren 9an eta bertan proposatuko diren probetan puntuazio altuena lortzen duen taldea izango da Euskararen Ginkanaren 6.edizio honetako irabazlea.

 

ADOSTASUNA

  • Antolakuntzak zehaztuko ditu proba bakoitzaren puntuazio irizpideak zein izango diren. Parte hartzen duten taldeek izen-ematea gauzatzen dutenean, lehiaketaren arauak, proben puntuazio irizpideak eta antolakuntzaren erabakiak onartzeko eta betetzeko konpromisoa hartzen dute. Antolakuntzaren erabaki hauek behin betikoak izango dira edozein alderdiri dagokionez.
  • Antolakuntzak eskubidea izango du, talde kopuru minimoa lortu ezean, lehiaketa bertan behera uzteko.
  • Lehiaketaren baitan aurkeztutako bideo, audio eta irudiak Euskararen Ginkanaren zabalpenerako erabili ahal izango dituzte antolatzaileek, pribatutasun politikan jasotakoaren arabera.